lunes, 14 de enero de 2013

Haurrak, psikologia eta aniztasunari begira

Hementxe klaserako egindako iruzkin bat uzten dizuet. Guztia nire praktika egonaldiarekin erlazionaturik dago.

Aniztasuna lantzeko aukera ezberdinak daudela ziurta daiteke. Konkretuki, artikulu honetan, musikaren bidez ikasleen aniztasuna eta behar bereziak dituzten ikasleei arreta eskaintzea lortu nahi da. Nola lor daitekeen hau? Musika estilo ezberdinak erabiliz esate baterako.

Nire praktika egonaldia, Practicum I deritzana hain zuzen, Irungo Toki Alai ikastetxean burutu dut. Hirugarren mailako zein laugarren mailako ikasleekin egoteko aukera eduki dut, behar bereziak dituzten bi haur ezagutu ditut, bakoitza ikasturte batean. Eskolatze prozesuaren une ezberdinetan, beraien beharrak aldatu egiten direla ikusteko aukera izan dut. Majisteritza eskolan irakatsi diguten moduan, edonork, edo hobeki esanda, EDONORK dauka musikaren bidez gozatzeko aukera. Haur hauetako bat autista zen. Klasekideekin ez zuen inolako harremanik, irakasleekin ere, hauek saiatzen baziren ere, ez zuten lortzen ikasleak hitz gehiegirik egiteak. Musikako klase batean, nire behaketa lana egiten ari nintzela, irakasleak musika estilo ezberdinekin jolasten zuen. Batzuetan pop musika jartzen zien, besteetan berriz musika elektronikoa, musika klasikoa... Musika estilo guztiekin jolasten zuen aniztasun hori uztartzeko. Bigarren astean, haurrarekin harrituta nengoen. Bi astetan ez zidan hitzik ere esan, eta larritu egiten ninduen. Musikako klasean geundela arreta osoz begiratzen egoten nintzaion. Irakasleak Bach musikariaren Tocatta y Fuga en Re menor jarri zien. Ikasle guztiak hasi ziren protestaka, -”hau elizakoa da”-. -”¡Qué aburrido, organo...!”- . Klasean horrelakoak entzuten hasi nintzen, eta bat-batean, sekula pentsatuko ez nuena ikusi nuen. Autismoa zeukan ikasle hura, irribarretsu ikusi nuen. Bi astetan, lehenengo aldiz irribarrez ikusi nuen.

Nire barrenean, bizitzan gutxitan sentitutako sentsazio bat sentitu nuen. Harrituta gelditu nintzen, baina aldi berean oso pozik, ilusio handia egin zidan ikaslea irribarretsu ikusteak. Hain blokeatuta gelditu nintzen non, berarengana jo nuen korrika bizian. -”Zer gertatzen da Martin”? -Galdetu nion irribarrea ezpainetan nuela. -”Organoa, nik organoa jotzen dakit!”-. Haietxek izan ziren entzun nizkion lehenengo hitzak. Ezin nuen sinetsi ere egin, kasualitatez, biok afizio berdina elkarbanatzen genuen. Haurrak ez zuen inorekin hitzik ere egiten, baina niri, organoa jotzen dakit esan zidan.

Irakasleari baimena eskatu ondoren, haurra nirekin korridorera atera nuen eta berarekin hitz egiten ahalegindu nintzen. Nire esperientzia kontatu nion, organista izan nintzela 8 urtez Hondarribiko eliza nagusian, Hondarribiko parrokiako abesbatza askotan lagundu nuela organoarekin, niri ere organoaren soinua ere asko gustatzen zitzaidala... Eta haurra, nirekin hitz egiten hasi zen! Ez zuen beste irakaslerik aukeratu, ez zuen bere adineko inor aukeratu, baizik eta ni aukeratu ninduen. Hogeita bat urteko praktikako mutil gazte hura. Kasualitate hutsez, haurrarekin hitz egiteko era aurkitu nuen. Organoaren inguruan bakarrik hitz egiten genuen hasieran, baina inork lortu ez zuena, nik lortu nuen kasualitatez haurra obserbatzearekin bakarrik.

Horregatik nago hain ados irakurritako artikuluarekin. Musikak gizakiarengan eragin fisiologikoa dauka eta ez edozein modukoa gainera. Musikari esker komunikazio eman daiteke, asozioazioa baita fantasien mobilizazioa ere. Musikari esker Martinekin hitz egitea lortu nuen, eta hitz egitea komunikazioaren adibide tipiko bat da. Berdin zitzaidan musikaz bakarrik hitz egin ahal izatea, berdin berdin zitzaidan... Ziur nago praktikak ikasturte osokoak izan balira, gauza gehiagotaz hitz egin ahal izango nuela... Zoriontsua naiz inkontzienteki hainbeste lortu nuelako.

Beste alde batetik, musikak Fantasien mobilizazioa eragiten du. Laugarren mailakoei “El Carnaval de los animales” entzumena egin nien froga moduan, majisteritza eskolan prestaturiko ariketa hain zuzen. Animali ezberdinei zegozkien “soinuak” jarri ondoren, hauek, zein animaliri zegozkien asmatu behar zuten. Camille Säint-Saens musikariak konposaturiko obra honen helburuetako bat horixe baita, entzumena lantzea. Nik laguntzatxo bat ematen nien ikasleei, zail samarra zela iruditzen zitzaidalako laugarren mailako ikasleentzat. Abstrakzio maila altu samarra eskatzen zuen. Abstrakzioa bai, mundu erreala uztea eskatzen duelako ariketak. Mundu erreala uztearekin batera, fantasien mundura hegan eramaten gaitu musikak. Musikaren bidez gure imaginazioa martxan jar dezakegu eta musika horrek gure bihotzari zer eragiten dion garunak esaten digu. Hau edozein musikarekin gertatzen da. Edozein musikak bihotzera zerbait transmititzen dizulako. Pena, alaitasuna, beldurra, kezka... Azken finean sentimenduak dira bai, emozioak, fantasiak, musikari esker lor ditzakegunak. Kondizio bakarra behar da hau gertatu ahal izateko, sentsibilitate apur bat edukitzea. Ausartak izan behar dugu, musikaz gozatu behar dugu, gozamen handi bat delako eguneroko bizitzako estres, samin eta arazo guztiak alde batera uztea musikari esker. Animatzen al zara?

No hay comentarios:

Publicar un comentario