lunes, 24 de septiembre de 2012

Kurtso Hasiera

UDA bukatu da eta udazkenean sartu gara. Udazkenaren etorrerarekin batera hasi dira klaseak, hasi da unibertsitatea eta hasi da errutina... Hilabete barru ikastetxe batean egongo naiz praktikak egiten, Irungo TOKI ALAI ikastetxea tokatu zait bertan lehenengo praktika egonaldia egiteko eta egia esan gogo handia daukat ikastetxe batera joateko eta bertan haurrekin lehenengo harremanak edukitzeko.

Orain bi urte, ikastetxe batean Musikako Klaseak eman nituen, eta badira 5 urte edo etxean klase partikularrak ematen ditudala. Hala ere, nire lehenengo harremana izango da talde handi batekin, beti talde txikietan edo partikularretan eman izan ditudalako nire klaseak... Egia esan, beldur piska bat ere ematen dit ikastetxera iristeko momentu honek. Berria izango naiz denentzat, baita irakaslearentzat ere. Aurpegi berriak, begirada berriak, urduritasun berri bat, urduritasun hau sekula sentitu izan ez dudalako, sentsazio hau, esperientzia hau niretzat erabat berria delako.

Hala ere, urduritasun honek ez dizkit bertara joateko gogoak kentzen, areagotu baizik... Lauhileko berri honetan irakasgai eta irakasle berriak ditugu. Nire gustukoena musika da, noski, musikaria izanik, musika bereziki maite dudalako. Oso ondo pasatzen dut klaseetan. Hasiera batean, aspertu egingo nintzela pentsatzen banuen ere, nire aurreideia hau ez da bete. Musika lantzeko modu berriak ezagutzen ari naiz, kontserbatorioan sekula landu ez genituenak. Horrela, etorkizun batean musikako klaseak ematea berriz tokatzen bazait, badauzkat teknika berriak nire klaseak aurrera eraman ahal izateko.

Piskanaka-piskanaka nire blog honi jarraipena ematen joango naiz eta hau egin ahala nire bigarren mailako sentipen eta sentsazio guztien berri ematen joango naiz. Ea zuen gustokoa den aurtengoa ere...

aritzgoam