Paper-Zorroa

Paper-zorroan idazten hasteko garaia iritsi dela uste dut.
Hilabete bat pasa da azterketa garaia bukatu zenetik eta lauhileko berriari ekin diogu. Momentu honetan oraindik ez dakit oso ongi zer den Lehen Hezkuntzako irakasle izatea. Informazio faltarengatik ez da, informazio gehiegitxo jasotzen ari garelako hain zuzen.
Hezkuntza Formala eta ez Formalaren arteko bereizketa oso argia izan arren, oraindik ez dakit zertan lan egitea tokatuko zaidan. Gauden krisi egoeran egonda, batek daki zer egitea tokatuko zaidan. Nik Hezkuntza Formalean lan egin nahiko nuke, hau da, eskola batean klaseak ematea hain zuzen, horregatik ari bainaiz ikasketa hauek egiten, baina ez dakit...
Beste alde batetik neutraltasunaren inguruan hitz egitea ere gustatuko litzaidake. Neutraltasuna zer den ere badakidala uste dut, baina irakaslearen gainetik, pertsona naizela ere oso argi daukat , eta nire sentimenduak ere baditudala begibistakoa da. Nork ez dit esango ikasle baten egoerak ez didala eragingo nire eguneroko bizitzan? Nire ikasleetakoren batek arazoak baditu, nola jokatuko dut? Unea iritsi arte uste dut ez dudala jakingo zer egingo nukeen, baina nik uste, ikasle horri laguntzen saiatuko nintzatekeela.
Beste ikasle asko izango ditut, baina kontuan izanik ze sentsiblea naizen ezingo dut ikasle baten egoera pertsonala baztertu. Nirekin irakasleek ez dute hori egin, baina lehentxeago aipatu bezala, guztiaren gainetik pertsonak gara eta hortantxe balora dezake norberak ze nolako pertsona den. Zer esan nahi dut honekin? Gogoeta txiki hori eginez, ikaslearen egoeraren kasua adibidetzat harturik, erraz asko ikus daitekeela irakasle bat hilabete bukaerako soldatarengatik ote doan lanera, edota bere lana gustatzen zaiolako egiten duen.
Argi daukadan gauzetako bat zera da ikasketa hauekin oso gustora nagoela. Eta niretzat gustora egotea oso garrantzitsua den zerbait da. Benetan uste dut aukeratu ditudan ikasketak benetan direla nire gustokoak. Pertsonei laguntzea asko gustatzen baitzait eta baita hauei irakastea ere, zergatik ez orduan bien arteko konbinaketa egin? 


Eskola = Talde handia HEZ. FORMALA

 Ze polita den amestea ezta? Amestea eta amets horiek egia bihurtzea Ikas Komunitate bat sortzeko eman beharreko pauso garrantzitsu bat da. Gure egunereoko bizitzan guztiok ditugu ametsak, baina zoritxarrez hauek guztiak ez dira betetzen. "Ohiko eskola" bat Ikas Komunitate bihurtzeko amets egitea beharrezkoa da . Ametsen fasea deritzonean pertsona talde bat elkartzen da eta bere ametsetako eskola diseinatzen saiatzen da. Ondoren amets horiek guztiak kontuan hartuta, Ikas komunitatea diseinatzen saiatzen da. Ikas komunitatetaz hitz egiten ari naiz, baina, zer da ikas komunitate bat? Xede berdinak partekatzen dituen pertsona multzo bat da. Eta garrantzitsuena, zertarako elkartzen dira? Elkarrekin eta bata bestearekin ikasteko asmotan elkartzen dira. Hau da ezberdintasunik nabarmenena "ohiko eskola" eta ikas komunitatearen artean. Hemen inguruan baditugu batzuk, Irunen (nire herritik oso gertu) badago bat. Eta gogoetan pentsatzen, Aritz gustatuko al litzaizuke Ikas Komunitate batean lan egitea?Oso esperientzia aberasgarria iruditzen zait, ez dakit ze puntutaraino gustatuko zaidan edo ez, nire esperientzia orain arte eskola batean musikako klaseak ematea izan delako, eta klaseak ohituta gauden klaseak baitziren. Esperientzia bezala oso polita eta aipatu bezala aberasgarria iruditzen zait, eta probatu nahiko nuke. Ikas komunitate batean lan egitea gustatuko litzaidake, baina naizen bezalakoa izanda, segituan emozionatzen naizen pertsona  bat izanda hain zuzen, asko gustatuko litzaidake horrelako baten diseinuan parte hartzea. Eguneroko bizitzan ideia asko ditut, baina hauek guztiak praktikara eramatea ezinezkoa izaten da. Ideien faltagatik behintzat ez dadila izan ...
Ostegun honetan, goizean eskola batera goaz Matematikako klase bat nola ematen duten ikustera. Bostgarren mailako ikasleen gela batera joango gara, eta badaukat gogoa errealitatea zein den jakiteko. Ikasleek beldurra ote diete Matematikei? Ausartzen al dira irakasleari galderak egiten? Nire ustez behintzat ikasle gehienak ez dira irakasleari galdera gehiegi egiten ausartuko. Baina, zergatik diot hau? Baieztapenak orokortzea ez da egokia, eta maiz nik akats horixe egiten dut. Horregatik argudiatuko dizuet zergatik egin dudan baieztapen hauxe . Nik, jendearen aurrean barregarri gelditzeko beldur handia daukat. Matematikako irakasle batek behin barregarri utzi ninduen klase guztiaren aurrean eta geroztik beldurra nabaritzen dut arbelara ateratzen nauten bakoitzean. Hau da nire bizipena, gaur egungo eskoletako ikasleena ere hau ote? Eskolara egindako bisitaren ostean esan dezaket "nire errealitatearen" susmo hori benetazkoa dela. Matematikako klasean erabat isilik zeuden ikasleak. Irakaslea nahiko zorrotza zen eta horregatik ikaratu samar zeuden. Nik ez dut horrelako irakasle bat izan nahi. Ez ditut nire ikasleak izutu nahi. Baina beste alde batetik ere oso urduri jartzen nau gela batean 25 bat ikasleren aurreren bakar-bakarrik egongo naizela pentsatze hutsak. Egia da fakultatera horretaraxe natorrela, irakasle nola izan behar dudan ikastera alegia. Baina zenbait gauz ez dizkidate bertan azalduko, hala nola, ez didate manual bat emango non sor daitezken galdera eta kezka guztien erantzunak dauden. Momentu honetan horixe da nire beldurtxoetako bat, zer egingo dudan nik bakarrik hauen aurrean, jakingo ote al dudan hauen galderei erantzuten. Bizitza honetan positiboa izaten ere ikasi dut eta berdin berdin kostatzen duela positibo edo negatibo izatea. Beraz, jarrera baikorra edukiko dut nire beldurren aurrean, orain arte beldur izan naizen momentu guztietan egin dudan bezalaxe. Aipatu bezala, nik ez diet beldurrik transmititu nahi nire ikasleei, baina nire ikasgela "KAOS" bat izatea ere ez dut nahi eta horretarako ikasleei nire mugak zeintzuk diren hasieratik argi utzi behar dizkiedala uste dut. Hala ere, zertan nabil galdera hauek 1. mailan egiten? Oraindik hiru urte gelditzen zaizkit ikasketak amaitzeko eta ni hemen, erdi ametsetan. Baina, amets egitea dohanik da, beraz EGIN DEZADAN AMETS BELDURRIK GABE, AMETSETAN GERTATZEN DEN GUZTIAZ IKAS DEZAKEDALAKO! 
Eta nire "beldurrak" edo kezkak konfirmatu dira. Ikasleei beldurra edo ematen die Matematikako klase batean galdetzea, denak isil-isilik jarraitzen dute, nik eskolan ikasten nuenean bezalaxe. Irakaslea da guztien zentroa, beraz "IRAKASLEZENTRISMO" hitza erabil dezakedala uste dut nonbaitetik hasteagatik. Guztiak erabat adi zeuden irakasleak zer esango edo, izutu samar ziruditen, denak han irakasleak esandoko hitz bat ere galdu nahi ez zutelarik. Matematikako klasea amaitu zen eta ondoren ingelesa zuten gure "ikasle behatuak". Bertan gelditzeko aukera izan nuen eta beste gela batera eraman nindutela iruditu zitzaidan. Matematikako orduan isil-isilik zeudenak orain iskanbila batean zeuden, algara bizian, jai balute bezala. Zer gertatzen ari da? Zergatik hainbeste errespetu matematikako irakasleari? Zer egiten da gaizki hau horrela gertatzeko? Hainbat irakasleekin elkarbanatu dut nire kezka hau eta batek esandakoa nire paper zorroan, gogoetarako lekuan, jartzea interesgarria iruditzen zait. Nire institutuko matematikako irakasleari esan nion zerk kezkatzen ninduen eta berak nire kezka berdina zuela aitortu zidan. Ez dakit zer egiten dugun gaizki Aritz baina bada adin bat, non ikasleen gehiengoak gorrotoa hartzen diozuen matematikari. Hasieran dena da zoragarria matematiketan, dena dira aurkikuntzak, dena da gozamena. Bat-batean, buruketak azaltzen dira eta behin eta berriz buruketa berdina egiten da beste datu batzuekin. Irakasleak azaltzen jakin ez zuena nire ustez hori da, nazkatu egiten garela behin eta berriz gauza bera egiteaz. Behintzat irakasleak eman zidan azalpena niri baliagarria gertatzen zait, eta zuei? Nik ez dut nahi nire ikasleei gauza berdina gertatzea, zer egin dezaket hau ez gertatzeko? Galdera potolo honi erantzuna bilatzen saiatzera noa. Haurrei hau ez gertatzeko nire galderari erantzun bat aurkitu diot, unitate didaktikoak progamatzea. Ezinezkoa da gela batera joatea ezer programatu gabe, ikasgaia nola emango duzun jakin gabe, ze ariketa bidaliko dituzun jakin gabe eta abar eta abar ...  Beste alde batetik, unitate didaktikoak prestatzea kurtso hasiera baino lehen egiten den lana da eta ikasleak ezagutu gabe lan hau egitea nahiko zaila iruditzen zait. Ikasleek egunero ez dituzte egun berdinak, irakasleok ere ez ditugu egunero gauzak ongi egingo eta kurtso hasieran prestatatutakoa agian hainbat egunetan ez zaigu ongi aterako. Azken finean gizakiak garelako.
Hezkuntza sistemaren inguruan ere bi hitz esan nahi nituzke paper-zorro hau itxi aurretik eta ondorengoak dira. Nola dago antolatuta Hezkuntza Sistema gaur egun? Ze bilakaera jasan du lehenengo Hezkuntza Legea argitaratu zenetik? Galdera horren erantzuna ondorengo artxiboan daukazue, egindako gogoeta batean, ea zer iruditzen zaizuen, eta ez bazaizue ongi iruditzen noski, zuen erantzuna ere gusto handiz jasoko dut. Zergatik aldatzen dute Hezkuntza legedia gobernu aldaketa bat gertatzen den bakoitzean? Orokorrean, Hezkuntzan egindako aldaketa baten ondorioak ikusteko 20-25 urte pasa behar dira, eta sekula ez dute aukera hori ematen. Azken finean ikasleak dira (gara) arazo hori jasaten dutenak (dugunak). Hainbeste aldaketekin zoratu egiten gaituzte, eta irakasle izango garenak ere arazo hau pairatu beharko dugu. Aldaketa batera ohitu garenerako berriz aldatuko digute Hezkuntza Legedia, berriro egingo dute kurrikulumaren egokitzapen bat eta abar. Hezkuntza alorrean jasango diren aldaketak, ondorengo albistean ikus daitezke. Euskal Herrian behintzat unibertsitate tasak ez dira igoko, Isabel Celaa hezkuntzako kontseilariak, bideo honetan azaltzen duen bezalaxe. Ezin dezaket ezer egin hezkuntza legedian aldaketak ez gertatzeko, baina behintzat, gaztelaniaz esaten den bezala "por lo menos me queda el derecho al pataleo". Ea zuek nirekin bat zatozten nire gogoeta honekin...
Paper-zorro honetan, piskanaka-piskanaka nire sentimendu eta bizipenak saretzen joan naiz. Nolakoa izan den nire ikaskuntza prozesua, nolako irakaslea izatea gustatuko litzaidakeen, zer ez nukeen nahi nire ikasleekin gertatzea eta hainbat eta hainbat sentimendu zuekin elkarbanatu ditut. Otsailetik hona hainbat gogoeta planteatu dizkiot nire buruari, batzuk erantzuten saiatu naiz, beste batzuk berriz oso zailak iruditu zaizkit lehenengo maila batean erantzuteko eta beste ikasturte batean erantzuteko ahalegina egingo dut. Uste dut nire buruak gehiagorako ez duela ematen eta niretzat behintzat Didaktika Orokorra irakasgaiak gehiagorako ez didala ematen.  Bukatzeko azken gogoeta bat egin nahiko nuke eta ondorengoa da, Zer da Lehen Hezkuntzako irakasle izatea? Lehenik eta behin, lehen hezkuntzako irakasle izatea 6-12 urte bitarteko haur/gaztetxoen irakasle izatean datza. Honekin batera, haur horietaz ikastea ere tokatuko zait. Zeintzuk diren beraien izenak, zer egitea gustatzen zaien, nongoak diren eta beste hainbat gauza. Ikaskuntza prozesu bat izango da bai beraientzat, baita niretzat ere. Irakasle izatea ez da bakarrik haurrei hainbat kontzeptu irakastea, baizik eta maiz esan izan dudan bezala, haur horien erreferente izatea da. Zergatik diot hau? Haur/gaztetxoek irakasleokin, nirekin alegia, etxean baina ordu gehiago emango dituztelako. Gauzak hala, ikastetxeak duen balore zerrenda bat transmitituko diet eta ikasleek barneratu egingo dituzte. Gauza asko ikasiko dituzte nirekin, batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago, hala nola zer den Ingurugiroa, zeintzuk diren Euskal Herriko ibaiak edota zer den aditz bat. Baina nire ustez garrantzitsuena PERTSONAK IZATEN IKASIKO DUTE nirekin. Hori da transmititu nahiko nieken balorerik garrantzitsuena. Ez dira zenbakiak izango, ez dira gauzak izango, pertsonak izango dira, nire ikasleak. Hezkuntzaren Soziologia irakasgaian ikasi genuen bezalaxe, Etiketen Teoriak ere eragina izango du gure ikasleengan, eta artxibo honetan, gai honen inguruan egindako gogoeta bat ikus dezakezue, zein den nire iritzia gai honen inguruan eta abar.  Beste alde batetik, talde lanean jarduten irakatsi nahiko nieke, arazoak dituztenean elkarren artean konpontzen, elkar errespetattzea. Gauza potolo eta zail samarrak batzuetan baina hori da nire nahia. Eta irakasle izatea oso zaila dela badakit ere, desiratzen nago momentu hori iristeko, klase batean sartu eta nire ikasleekin batera gauzak ikasteko momentu hori irisiteko hain zuzen.

3 comentarios:

  1. Kaixo Aritz, bide hartzen ari zara, baina hemen ez kontatu zerri buruz aritu garen klasean. Galderak ondo daude, horien inguruan idatzi, baita ere sortzen zaizkizun sentimentuak. Buelta bat eman paper-zorroari. Ondo izan!

    ResponderEliminar
  2. Azken ohar bat, bi aste hauetan zure bloga hobetzeko: egin dituzun blogeko sarrerak hemen ere txertatu, nik aukera izan dezadan paper-zorrotik sarrerak ere irakurtzeko. Blogeko sarrerak baliagarriak direla konturatzeko, lotu paper-zorroarekin. Gustatu zait, batez ere azken atala, galdera polita, zer da LHko irakasle izatea?

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Kaixo Lore!
      Beltzez agertzen diren hitzak enlazeak dira, ez dut jakin beste modu batean jartzen, azpimarratzea nahi nuen baina programak ez dit uzten. Portzierto, hitz egin zenuen Danirekin eskatutakoa galdetzeko? Dropboxetik blogera nola enlaza dezakedan jakiteko? Dena delakoarekin esango didazu. Besarkada bat eta ongi pasa asteburua!
      aritzgoam

      Eliminar