Paper-Zorroa II

Orrialde honetan, nire bigarren mailako ikasketa prozesua kontatzen joango naiz, lehengo urtean Paper-Zorroa orrialdean egin nuen bezalaxe.

Nola ez paper-zorro hau hasi nire itxura aldaketarekin? Bai, itxura aldatu dut, baina Aritz berbera izaten jarraitzen dut. Bizarra daukat, baina Aritz berbera naiz... Ikusi nahi nauenarentzat hementxe argazkia, ea zer iruditzen zaizuen...





Ikasturtea esan bezala hasi dugu. Komunikazio Gaitasunaren Garapena irakasgaiaren jarraipena egiten ari gara bigarren mailan eta egia esan momentuz oso ezberdina iruditzen zait lehengo urtekoarekin alderatuz. Euskaran behintzat erabat ezberdina da, aurten ikastetxeetan egin beharko ditugun bilerak eta nola landu egiten hasi gara eta interesgarria dirudi... Gaztelania momentuz zaila iruditzen zait, baina astebeterekin... Zer esango? Oraindik goizegi da balorazioak egiteko beraz momentuz isilik geldituko naiz. Musika berriz... ENE! ZORAGARRIA! Ederki pasatzen dut, barre algara handiak egiten ditugu klaseetan irakasle eta gainontzeko ikasleekin, txikitako abestiak lantzen ditugu baita gaur egungoak ere, beraz sekulako kontrastea da guztiontzat... Kontserbatorioetan ere horrelako zerbait egin beharko litzatekeela uste dut... Beste alde batetik, hainbeste esan beharra ematen ari diren hauteskundeak segituan gainean ditugu... Jaurlaritzan seguraski aldaketak egongo dira eta NOSKI, NOLA EZ? Hezkuntzan ere aldaketak izango ditugu... Ea aldaketa hauek gertatzen diren, eta gertatzen badira onerako diren... Hilabete bat pasa da Eusko Jaurlaritzan lehendakaria aldatu  zutenetik eta oraindik behintzat Hezkuntzaren esparruan ez dugu aldaketa handirik somatu. Gauza askori buruz ari dira hitz egiten, baina behintzat oraindik aldaketarik ez dugu ikusi. Praktika garaia amaitu zenetik ere bi hilabete pasa dira eta pentsatzen jarriz gero, haurrak BEHAR DITUDALA konturatu naiz. Oso gogorra egin zitzaidan praktikak amaitu eta lehenengo astean errutinara bueltatzeak. Goizero goizero ikastetxera goizeko zortzi eta erdietarako iristen nintzen, irakasle gelan kafetxoa hartu ostean gelara igotzen nintzen nire 26 haurrekin. Gainera zortea izan dut eta nire blogeko sarrera honetan aipatzen dudan bezalaxe, bi geletan ibili naiz praktikak egiten, 3. eta 4. mailan, hartara, praktika egonaldi bakarrean bigarren ziklo osoa ezagutuz. Gelara igo, klasea eman eta haurrekin kontaktua, horixe da gehien botatzen dudana faltan. Praktikak egiten ari nintzen bitartean nire bizitzan kolpe handi samar horietako bat jaso nuen eta haurrei esker adorea ateratzen nuen aurrera egin ahal izateko. Haurrak ez dira inozoak, eta ezer esaten ez badiezu ere, badakite noiz eta zer behar duzun. Ezer esan gabe askotan haurrak gerturatu egiten zaizkizu eta beraien besarkada eta muxu batekin, zure IRAKASLE IDENTITATEAZ pentsatzen hasten zara ezinbestean eta zoragarria bezain zirraragarria da. Haurrak gustatzen zaizkit, haurrekin lan egitea gustatzen zait. Beraiek niri esker ikastea ere asko gustatzen zait eta beraiei esker dakit gauzaren bat ikasi dutela niri esker. Sekula ez zait ahaztuko haur batek zer esan zidan San Tomas egunean bisita egin nienean. Egoera hauxe zen...

(KLASE BARRUAN, JARRERARI BURUZ HITZ EGITEN ARI NINTZAIEN...)

-Ikastetxera ez zatozte bakarrik matematikak edota ingurunea ikastera, ikastetxera gehien bat pertsonak izatera etortzen zarete. Ziur nago momentu honetan ez didazuela ulertuko zer esan nahi dizuedan, baina hemendik urte batzuetara, handitzen zaretenean, nitaz oroitzea espero dut eta beste irakasleren batek "PERTSONAK IZAN BEHAR DUZUE" esaten dizuenean, zuen buruetara nire argazkia etortzea espero dut txikis!

Guztiak aho-zabalik gelditu ziren eta San Tomas egunean haurretako batek marrazki bat ekarri zidan eskutitza batekin batera. Eskutitzean zera idazten zidan:

-Zuk erakutsi diguzu pertsonak izan behar dugula eta ez piztiak.

Ze arrazoia zeukan haurrak, ezta? Ze ondo ulertu zidan ezta? Badakit beraz aparte, gainontzekoek ere horrelako zerbait ulertu zidatela, eta matematikak edota gaztelania ongi irakasteko gai izan ez banaiz ere, esperientzia faltagatik edo dena delarengatik... Haurrekin HITZ EGITEN ikasi dut, eta hau oso gustoko dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario