viernes, 16 de marzo de 2012

Bisitariak Eskolan

Iritsi dira goizeko zortzi eta erdiak eta eskolako sarreran gaude. Haurrak eskolako sarreran daude ilaran bertara sartzeko gogotsu. Gu han beraiei begira, zeintzuk ote dira tokatu zaizkigun gelakoak? Nola erreakzionatuko ote dute gu bertan ikusita? Ondo portatuko ote dira? Tontakeria asko egingo ote dituzte? Galdera hauek datozkigu burura haurren inguruan. Baina gure inguruan ere hainbat galdera eta zalantza gure buruetan bueltaka dabiltza. Ongi ulertuko ote genuen zer egin behar zen behaketan? Denbora emango ote digu datu guztien bilketa egiteko? Galdera hauek eta beste asko genituela eskolako txirrina jo genuen eta bertara sartu ginen. Zuzendaria etorri zitzaigun agurtzera eta irakasle gelara sartzeko gonbitea egin zigun. Gure lehenengo aldia irakasle gela batean! Hango giroa erabat dibertigarria zen. Mahai luze bat eta bertan irakasleak eserita, batzuk kafearekin, beste batzuk barrezka, eta gu han, mahaiaren eskin batean eserita urduri. Behatzera gindoazen gelako tutorea ezagutu ondoren eta egin beharrekoa azaldu ondoren gelara igo ginen. Ze urduritasuna! 24 haur guri begira eta gu hantxe, mahai batean eserita ikasleak bagina bezala. Klasea hasi orduko denak isildu ziren eta etxekolanak zuzentzen hasi ziren. NOLAKO ISILTASUNA! Ez genuen hori espero bosgarren maila batean, baina denak halaxe zeuden, isil-isilik. Haurrak egiten genuenaz pendiente zeuden eta gu haiek egiten zuten guztia paperetan apuntatuz, hori bai, kanposantu batean dagoen isiltasun baten berdina den isiltasunaren erdian... Irakaslea hurbildu eta lantzen duten materiala utzi zigun. Gu erabat txundituta hango giroarekin, matematikako klasea bukatu zen. Irakaslea atera zen eta guk gauzak jasotzen genituen bitartean hurrengo irakasgaiko irakaslea sartu zen, ingelesekoa alegia.
Bere klasean gelditzeko eskatu zigun, haurrek guri hainbat galdera ingelesez egiteko eta klasea era dinamiko batean egiteko. Momentu hartan konturatu ginen nolakoak ziren behaketako gelako haurrak! Erabat berritsuak! Galderaz josi gintuzten, nor zara? Nongoa zara? Zein da zure telebistako saiorik gustukoena? Baduzu anai-arrebarik? ...
Zergatik aldaketa hau? Zergatik matematikako klaseetan haurrak ikaratuta bezala sentitzen dira?
Hauxe zen hain zuzen nik nire buruan bueltaka nebilen galderetako bat, gure ikasle garaian ere berdina gertatzen baitzen... Zergatik gertatuko ote da hau? Nire ustez, matematikak ulertzen ez direlako gertatzen da hau eta ulertzen ez direnez beldurra hartzen zaielako. Beraz, gelan zegoen isiltasun harekin denak erabat adi zeuden irakasleak emandako azalpenetatik ezer ez galtzeko. Baina bosgarren maila batean hau ez da espero, azken finean haurrak dira eta hauei jolastea eta zarata egitea gustatzen zaie...
Ba mila eta bat galdera hauek gure buruan genituela (batzuk erantzunik gabekoak momentuz), izugarrizko poztasunarekin eskolatik irten ginen.
aritzgoam.

martes, 13 de marzo de 2012

Ikastetxera bisita

Ostegun honetan, Hondarribiko Ama Guadalupekoa Ikastetxeara joango gara Matematikako klase bat ikustera. Ikastetxe horretan ikasi nuen, eta aurreko lauhilekoan egin genuen moduluan ere bertara joan ginen bisitan. Konkretuki bosgarren mailako klase batera joango gara eta bertan ikasleek zer egiten duten eta irakasleak nola irakasten dien ikusiko dugu. Hainbat galdera datorzkit burura, hala nola: Ikasleek ba ote dute beldurrik Matematikako klasean galdetzeko? Gustatuko ote zaie matematika? Irakasleak klaseak era dinamikoan planteatuko ote ditu? Nik bertan ikasten nuenean matematikako klaseak erabat aspergarriak ziren, baina nire ustez akatsa irakasleak zuen. Oroitzen dut behin, nola hirugarren mailako irakasleak belarrondoko bat eman zidan, arbelan zatiketa bat gaizki egiteagatik. Gaur egun hori pentsaezina da, eta orain urte batzuk ere halaxe zen, baina ikastetxea kristaua da, bertako titularitza Hondarribiko elizako erretoreak baitu. Lehen mojak irakasten zuten bertan, eta niri tokatu izan zait mojaren bat irakasle lanetan. Gaur egun ez dago mojarik lanean eta denak irakasle "normalak" dira. Gauzak aldatu ote dira? Gogotsu nago osteguna iristeko eta bertan gauza berriak ikasteko.
aritzgoam.

jueves, 8 de marzo de 2012

Ikas Komunitateak

Gaurko sarreran Ikas Komunitateei buruz hitz egitea baino, nahiago dut aurkitu dudan bideo hau jartzea. Youtuben saltsatzen ibili ondoren bideo honetaraino iritsi naiz, non Euskal Herrian dauden Ikas Komunitateetaz hitz egiten den. Momentu honetan guztiok dakigu zer den ikas komunitate deitzen diogun hori, baina inoiz ez da gaizki etortzen errepaso txiki bat egitea. Are gutxiago errepaso hori bideo interesgarri baten laguntzaz egiten badugu, beraz hementxe uzten dizuet. Ea zuei ere zerbaitetan laguntzen dizuen ...
aritzgoam.