viernes, 16 de marzo de 2012

Bisitariak Eskolan

Iritsi dira goizeko zortzi eta erdiak eta eskolako sarreran gaude. Haurrak eskolako sarreran daude ilaran bertara sartzeko gogotsu. Gu han beraiei begira, zeintzuk ote dira tokatu zaizkigun gelakoak? Nola erreakzionatuko ote dute gu bertan ikusita? Ondo portatuko ote dira? Tontakeria asko egingo ote dituzte? Galdera hauek datozkigu burura haurren inguruan. Baina gure inguruan ere hainbat galdera eta zalantza gure buruetan bueltaka dabiltza. Ongi ulertuko ote genuen zer egin behar zen behaketan? Denbora emango ote digu datu guztien bilketa egiteko? Galdera hauek eta beste asko genituela eskolako txirrina jo genuen eta bertara sartu ginen. Zuzendaria etorri zitzaigun agurtzera eta irakasle gelara sartzeko gonbitea egin zigun. Gure lehenengo aldia irakasle gela batean! Hango giroa erabat dibertigarria zen. Mahai luze bat eta bertan irakasleak eserita, batzuk kafearekin, beste batzuk barrezka, eta gu han, mahaiaren eskin batean eserita urduri. Behatzera gindoazen gelako tutorea ezagutu ondoren eta egin beharrekoa azaldu ondoren gelara igo ginen. Ze urduritasuna! 24 haur guri begira eta gu hantxe, mahai batean eserita ikasleak bagina bezala. Klasea hasi orduko denak isildu ziren eta etxekolanak zuzentzen hasi ziren. NOLAKO ISILTASUNA! Ez genuen hori espero bosgarren maila batean, baina denak halaxe zeuden, isil-isilik. Haurrak egiten genuenaz pendiente zeuden eta gu haiek egiten zuten guztia paperetan apuntatuz, hori bai, kanposantu batean dagoen isiltasun baten berdina den isiltasunaren erdian... Irakaslea hurbildu eta lantzen duten materiala utzi zigun. Gu erabat txundituta hango giroarekin, matematikako klasea bukatu zen. Irakaslea atera zen eta guk gauzak jasotzen genituen bitartean hurrengo irakasgaiko irakaslea sartu zen, ingelesekoa alegia.
Bere klasean gelditzeko eskatu zigun, haurrek guri hainbat galdera ingelesez egiteko eta klasea era dinamiko batean egiteko. Momentu hartan konturatu ginen nolakoak ziren behaketako gelako haurrak! Erabat berritsuak! Galderaz josi gintuzten, nor zara? Nongoa zara? Zein da zure telebistako saiorik gustukoena? Baduzu anai-arrebarik? ...
Zergatik aldaketa hau? Zergatik matematikako klaseetan haurrak ikaratuta bezala sentitzen dira?
Hauxe zen hain zuzen nik nire buruan bueltaka nebilen galderetako bat, gure ikasle garaian ere berdina gertatzen baitzen... Zergatik gertatuko ote da hau? Nire ustez, matematikak ulertzen ez direlako gertatzen da hau eta ulertzen ez direnez beldurra hartzen zaielako. Beraz, gelan zegoen isiltasun harekin denak erabat adi zeuden irakasleak emandako azalpenetatik ezer ez galtzeko. Baina bosgarren maila batean hau ez da espero, azken finean haurrak dira eta hauei jolastea eta zarata egitea gustatzen zaie...
Ba mila eta bat galdera hauek gure buruan genituela (batzuk erantzunik gabekoak momentuz), izugarrizko poztasunarekin eskolatik irten ginen.
aritzgoam.

No hay comentarios:

Publicar un comentario